<i>Perlak, kolpeak, musuak, traizioak</i>

Aikor aldizkaria 2016ko api. 27a, 12:24

Testua: Joserra (Liluratura)

Idazlea: Joxemari Iturralde Argitaletxea: Pamiela Edizio urtea: 2015 Orri kopurua: 192 Nobela honetan, 25 emakumeren bizitzaren gorabeherak agertzen dira. Baita beren amodioak, penak, traizioak, bozkarioak eta sufrimenduak ere. Emakume sendoak dira, nortasun handikoak, eta asko bizi eta sufritu dutenak. Ia mende osoa hartzen duen istorioan, emakume horiek berton, Europan eta Amerikan harremanak izango dituzte hainbat pertsonaia famaturekin: kirolari ospetsuekin, artista ezagunekin, politikari handiekin eta negozio gizon aberatsekin. Lupe Velez, Claire Bow, Gary Cooper, Dolores del Rio… agertzen dira nobelan. Baita Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga boxeolari bikainak ere, lehenengo auzokideak izan zirenak; gero, lagunak; eta azkenik, arerioak. Bere garaian, 1920. urtean, 40.000 lagun elkartu ziren Donostian, Uzkudunen balentria ospatzeko. Eta garai hartan, deialdiak ahoz aho egiten ziren, ez zegoelako internetik, ezta WhatsAppik ere. Paulino, harroputza; eta Isidoro, segaila. Punta-puntako boxeolari euskaldun bien adiskidetasunez eta gorrotoz jositako harreman biziak kontatzen dira sakonean. Ernest Hemingway idazlea, Ladis Goiti doktorea, Rosamunde Krügger “emakume fatala”, Strauss eta Perlo engainatzaile bitxiak… Luxuzko bizimodu hori Gerra Zibilak apurtuko du, eta perlak, kolpeak, musuak, traizioak… zurrunbilo ero batean murgilduko dira.