Zamudioko Pazko jaiak: dantzan eta bertsotan

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 17a, 10:29

Zamudioko Pazko jaiak ez dira herriko nagusiak, baina neguari agur esan barri deutsagu eta jaiez gozetako grinagaz gabilz. Betiko legez, jai-batzordeak egitarau oparoa prestau dau, eta, batez be, nabarmentzekoak dira Korrontzi taldeko erromeria eta azken eguneko bertsolarien emonaldia. Pazko jaiak maiatzaren 20tik 22ra bitartean egingo dira, asteburuan, baina, betiko legez, aurreko astean giroa berotzen hasi da Zamudion. Domekan, maiatzaren 15ean, meza nagusia egin zen San Martin eleizan eta, hurrengo egunean, maiatzaren 16an, mezea eta kopaua. Zamudioztarrek barikura arte itxaron beharko dabe jaietan guztiz murgiltzeko. Txupinazoa 18:00etan izango da eta geroago, kalejirea eta erromeria txikienei zuzenduta, Gaubela taldearen eskutik. Nagusiek be izango dabe musikaz gozetako aukerea barikuan bertan, gauean, Korrontzi taldeak eta DJ Bullek emonaldia eskainiko dabelako. Korrontzi taldeko ekitaldia berezia izango da, erromerian Hiru Bat herriko dantza taldeko kide batzuek be hartuko dabelako parte. “Guk jai herrikoiak egin gura doguz, herriko lagun eta alkarte guztiek parte hartzeko. Barikuan kanpoko jente gitxi etortzen da jaietara, eta batez be bertakoentzat egin gura izan dogu zeozer”, azaldu deuskue jai-batzordeko kideek. Egun handia zapatua izango da, maiatzaren 21a. Betiko legez, herriko koadrilak sukalki txapelketaren inguruan alkartuko dira Bidekoetxe parkean, 9:00tik aurrera. Era berean, goizean umeentzako jolasak eta zaldien erakustaldia antolatuko dira. Umeek paseotxoak egin ahal izango ditue zaldien gainean, eta ganera, zaldien oztopo lasterketa zuzenean bizitzeko aukerea eukiko dogu. Ederto bazkaldu eta gero, musika eta dantzak izango dira protagonistak. Esate baterako, bazkalondokoa Broken Izotz herriko taldeak girotuko dau. Horrek betiko kanten bertsinoak egiten ditu euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Ostean, Hiru Bat dantza taldeak emonaldia eskainiko dau. Eta afaldu baino lehen, Goiri banda batuke taldeak kalejirea gidatuko dau Zamudioko kaleetatik. Ohikoa danez, Udaberriko kontzertuak be antolatu dira, eta aurten Zeanuriko abesbatzak, Gaudeamus Hodie Bilboko abesbatzak eta Zamudioko Kamara Koralak emongo dabe kontzertua. Eguna borobiltzeko, gazteentzako kontzertua egingo da gauean, ETS, Talko eta Izerdi gorria taldeen eskutik. Bertsolariak Zamudioztarrek jaiez gozetako gogoa oraindino badabe, domekan, maiatzaren 22an, izango dabe parrandeagaz jarraitzeko aukerea. Goiz-goizean, sokamuturrak hasiera emongo deutso egunari eta gautxoriak agurtuko ditu. Ostean, pelota partidak antolatuko dira. Pelotazaleek gazteen zein nagusien partidak ikusiko ditue: besteak beste, Oier Ortigosa, Eneko Zarraga eta Hanot Lasa jokalari gazteak eta Mikel Goñi II eta Txaber Zabala esperientzia handiko pelotariak. Jarraian, umeen parkea jarriko da bai goizean, bai arrastian Sabino Arana Goiri plazan. Eta jaiei amaiera emoteko, jai-batzordekoek ekitaldi ederra prestau dabe: bertsolaritza saioa. Igaz, umorezko bakarrizketak egin ziran, baina aurten zerbait ezbardina eskaini gura izan dabe. Eta goi-mailako bertsolariak eukiko doguz Zamudioko plazan: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon Maia, Onintza Enbeita eta Etxahun Lekue. Hau marka! Iosu Goikoetxea jai-jartzaile ibiliko da. Betiko legez, jai-batzordekoek deialdi bakarra egin gura deutsee zamudioztarrei: “Atera kalera eta ekitaldietan parte hartu”. Gora Pazko jaiak! Jai egitaraua Maiatzak 20, barikua –18:00: Txupinazoa eta gozokiak, Sabino Arana plazan. –18:00: Kalejirea. –19:00: Erromeria umeentzat, Gaubela taldearen eskutik, Kultura-Etxean. –22:00: Kontzertuak. Korrontzi + DJ Bull. Maiatzak 21, zapatua. Sukalki txapelketa Bidekoetxe parkean –09:00: Sukalki Txapelketan izena emotea, Bidekoetxe parkean. –10:00: Zaldi lasterketea, Bidekoetxe parkean. –11:00: Umeentzako jolasak, Bidekoetxe parkean. –14:00: Sukalki Txapelketearen sariak banatzea, Bidekoetxe parkean. –16:00: Erromeria, Broken Izotz Zamudioko taldearen eskutik, Bidekoetxe parkean. –18:00: Euskal dantzak. Hiru Bat dantza taldearen eskutik. Kultura-Etxean. –20:00: Kalejirea Goiri banda batuke taldearen eskutik, Zamudiotik. –20:15: Udaberriko kontzertuak: Zeanuriko abesbatza, Gaudeamus Hodie (Bilbo) eta Zamudioko Kamara Korala. –23:00: Kontzertuak. ETS+Talko+Izerdi gorria. Maiatzak 22, domeka –08:00: Sokamuturra, Kultura-Etxean. –10:00: Pelota partidak, frontoian. –12:00: Umeen parkea, Sabino Arana Goiri plazan. –16:00: Umeen parkea, Sabino Arana Goiri plazan. –18:00: Bertso jaialdia, plazan: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon Maia, Onintza Enbeita eta Etxahun Lekue. Gai-jartzailea: Iosu Goikoetxea.