Larrabetzun, energia berdearen alde

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 30a, 10:09

Duela urte batzuk, eta beste herrialde batzuetako adibideei jarraituz, Euskal Herriko kooperatiba energetikoek (Goiener, Energia Gara, I-Ener) energia-iturri berriztagarrien aldeko apustua egin zuten eta multinazional energetikoen merkatu elektrikotik desentxufatu ziren. Abenduan, Larrabetzuko 40 familiak baino gehiagok ere egin zuten horrela. Denek batera, enpresa multinazionalekin kontratu elektrikoa bertan behera utzi eta kooperatiba batekin kontratatu zuten. “Zero zabor ekimenaren ereduari jarraituz, sostengarritasun ekologiko eta ekonomikoaren aldeko beste urrats txiki bat egin dugu herrian. Ez da garestiagoa, ez da kontagailua aldatu behar, hornikuntza eta zerbitzua seguruak dira, potentziaren eskaria jaisteko aprobetxa daiteke eta beste eredu energetikoaren aldeko beste pauso txiki bat ematen laguntzen da”. Gainera, haien arabera, “Udalak ere konpromiso bera hartu du, eta aldatu egingo du kontratua”. Ekaineko lehenengo hamabostaldian, kanpainari ekingo diote berriro, eta plazan informazio gune bat ipiniko dute, nahi duenak informazioa eskura dezan. Larrabetzuarren ustez, badaude arrazoi asko eredu energetiko berri baten alde egiteko. “Etekin ekonomikoen gainetik, natura lehenetsiko duen eredu bat behar dugu, eta ez multinazional energetiko erraldoiek (Iberdrola, Endesa, EDP…) sustatzen dutena”. Era berean, azaldu dute, ekologistek eta zientifikoek dioten moduan, krisi energetiko sakon batean gaudela eta horren ondorio nagusietariko bat aldaketa klimatikoa dela. “Gainera, “petrolioaren gailurra” jadanik gainditu dugu; hau da Lurrean zegoen petrolioaren erdia baino gehiago kontsumitu dugu, eta hemendik aurrera geratzen dena txarragoa, toxikoagoa eta garestiagoa izango da”. Nuklearrik ez Bestalde, gogoratu dute 2015eko abenduan, Parisen Nazio Batzuek antolatutako bileran, munduko agintariek adostu zutela planetaren batez besteko tenperatura 2º C behetik mantendu behar dela. “Klimatologoen iritziz, hori lortzeko, erregai fosolak (ikatza, petrolioa, gasa, uranioa…) erretzeari utzi behar diogu, eta energia-iturri berriztagarrietan oinarritutako trantsizio energetikoari ekin”. Azkenik, energia nuklearraren kontra azaldu dira. “2016an, hiru efemeride nuklear goibel gogoratu ditugu. Martxoaren 2an, Franco diktadoreak zentral nuklearra inauguratu zuen Santa Maria de Garoñan, eta martxoaren 11n, bost urte bete dira Fukushiman Garoñakoa bezalako erreaktore nuklear batek eztanda egin zuela itsasoko lurrikara baten ostean. Apirilaren 26an, 30 urte bete dira Txernobilgo istripua izan zela. Argi dugu energia nuklearra ez dela konponbidea, arazoa baino”. Informazio gehiagorako: energiaberdea.com