Mileva Maric modan dago

Aikor aldizkaria 2016ko eka. 10a, 09:58
t: Jagoba Jauregi Basterretxea
Grabitazio-uhinen aurkikuntza sekulako aurrerapausoa izan da ikerkuntza eta garapen lanetan dabiltzan zientzialarien iritziz; edo hori da helarazi diotena mundu ez zientifikoari, behintzat. Gaur egun, ehunka dira teoria horren inguruan buru-belarri dabiltzan zientzialariak, baina aipatutako teoriaren aitzindaria pertsona bakar bat baino ez omen da: Albert Einstein. Otsailaren 11n kaleratu zuten grabitazio-uhinen aurkikuntzari buruzko berria; kasualitateak nolakoak diren, Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunean bertan. Einstenek bere teoria guztiak berak bakarrik garatu zituela baieztatzea ausartegia dela iruditzen zait, are gehiago, grabitazio-uhinen existentzia berak bakarrik frogatu zuela esatea, aurreko batean AIKOR! aldizkariko artikulu batean adierazten zen bezala. Zientzialari alemaniarraren emaztea, Mileva Maric, ezkutuko zientzialaria izan zen, beti senarraren itzalpean. Etxekoandrea baino askoz gehiago izan zen emakume hura: Einsteinen konfiantzazko laguntzailea, laborategi lanetan; eta Zuricheko Institutu Politeknikoan ikasten zuen emakume bakarra, non bere senarra izango zena ezagutu zuen. Teoria eta froga ugari daude Einsteinen ikerkuntza lan askoren atzean emakume serbiarra zegoela berresten dutenak. Hala ere, gai honek itzelezko mesfidantzak sortu ditu zientzialarien munduan, harik eta tabu bihurtu den arte. Honekin guztiarekin ez dut esan nahi Einstein ez zela zientzialari ikaragarria izan, ezta gutxiago ere. Aitzitik, Mileva Maricen izena historian gal ez dadin eta bere lana goraipatzeko asmotan, informatzeko eta irakurtzeko gonbidapena luzatzen dut. Eta historian zehar arlo honetan emandako genero- eta klase-zapalkuntzaren inguruan dauden hamaika dokumentu aztertzeko gonbidapena ere bai, merezi du-eta. Hortaz bada, zientzialarion oinarria eszeptikoak izatea den heinean, lan esparru honetan sortzen diren albisteak eta irakurgaiak ere lasai eta astiro aztertu beharrekoak direla uste dut, bakoitzak bere iritzia sortuz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).