Zirikada politikoak gaur, lagunarteko hitzarmenak bihar

Aikor aldizkaria 2016ko eka. 15a, 08:58
Testua: Azler Garcia Palomino
Morez zipriztindutako telebista-kate jakin bateko arrastiko tertulia politiko batek behin eta berriro errepikatutako kanpaina-iragarkia denon ahotan dabil azkenaldian, zeresan handia eman ei duen seinale. Edozelan ere, zalantzarik ez dago eragina azpimarragarria dela xedea bestelakoa izan arren. Alde batetik, alderdiaren dohainak goraipatu barik iraindu egin du politikari eta, beraz, sentsibilitate ugari. Bestetik, hautesleak engainatu gura izan ditu aldeko bozka eman liezaiokeen gizartea desegoki irudikatuz, spotak darakuskien pertsonaiak eta giroa alderdiaren ideiekin bat ez datoz eta. Hots, herriari hurbildu nahian, testuinguru penagarria eskaini du ikuslea bat-batean eskuin jaioberriak atzoa apurtuko duen geroa dakarrela konturatu dadin. Aipamenik ere merezi ez duen alderdi politikoak zera aurkezten du: eginahalak eginagatik gogaitutako guraso prestua eta langabezian dagoen gizonezko nazkatua, besteak beste, barra alboan bizimodu petralaz kexaka. Batak lan larregi duela, bestea lana topatu ezinda dabilela… Dena dela, duela gutxi agertu den politikari motosdun baten antza daukan alferrontzi ipurterreak ematen du arreta gehien. Ama lanpetua ere bada deigarria. Iragarkiak ardatz dituenen artean emakumezko bakarra ez ezik (eduki esanguratsua gizonezkoei baino ez dagokielako), kontzilia dezaketenen ordezkaria ere bada, baina horretarako gezurretan dabil. Izan ere, umearen kargu hartu duen bikotekideari – ziurrenik aitari – atondu beharrekoak atondu badizkio ere, aita ez da gai bere kontura konpontzeko; ondorioz, amari deitu dio jagoten lagun diezaion. Itota, andrea barran bertan jesarri eta oraindik ere batzartu behar duela diotso lasaitzearren. Horrelako irudia eman nahi izan du besterekin akordioak kosta ahala kosta sinatzekotan izan den alderdi politikoak, makurra eta, batez ere, lotsagarria. Zorionez, jarduneko presidentea bera aho batez maiseatzeari ekin dion iragarkia argitaratu izana garbaitu zaionez gero, atzera bota du. Pentsaerak pentsaera, bistan dago berebiziko hanka-sartzea izan dena eta, horregatik agian, iruzkintzeko aukera kendu zaio bideoari.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).