Liluratura: Tripoli doktorea

Aikor aldizkaria 2016ko eka. 27a, 13:31
Testua: Josune Aurrekoetxea Aperribai
IDAZLEA: Karlos Linazasoro ILUSTRATZAILEA: Bruño Hidalgo GENEROA: Komedia ARGITLETXEA: Elkar (Xaguxar) ORRIALDE KOPURUA: 94 ADINA: 12 urtetik aurrera Anbulatorio bateko itxarongelan hasten da istorio surrealista hau. Udaberriko eguna da eta Tripoli doktorea Olga Tokarczukowa bere erizainarekin prest dago goizeko zortzietan gelako gaixoak artatzen hasteko. Itxarongela txikia izan arren, lepo dago. Hasierako gaixoa Tripoli doktorea bera da. Udaberria denez, geranio eder bat atera zaio sudurrean sendagileari, eskuineko zulotxotik zerurantz, gorantz, egiten duena. Hormako kontagailu erraldoia martxan jartzen da eta “lehenengoa!”… Eskerrak, lehenengo gaixoa herriko lorezaina dela. Horrek, John Azurrok, mapamundi bana du gingiletatik zintzilik. Tripolik prestatu ditu tresnak eta belarrietatik kendu dizkio baloitzar horiek. Ondoren, doktore batentzat sudurretik geranioa ateratzen zaiola itxura ez denez, gizonak soildu egiten dio. Mapamundiak eta geranioa elkartrukatu, eta alde egin du kalera txistuka. “Aurrera bigarrena!” Indarrik gabe, pot eginda, eta ezkontzear dagoen gaztea da. Bitaminak behar dituela erabaki du medikuak. Orduan, erizainak gazteari bere bularrera hurbil dadila agindu dio, mutilak bi trago luze edan eta istantean sekulako indar berebiziko bat nabaritu du gorputz osoan. Gazteak txistuka alde egin du kalera. “Hurrengoa!” Eta horrela bata bestearen atzetik kontsultara sartzen doaz, bakoitzak bere aje xelebreak kontatzen eta mediku eta erizainak, aldi berean, sendabide zoroak, etxeko osabideak, ematen dizkiete. Gaixo bakoitzak atal bat hartzen du, hamar arte. Elkarrizketetan oinarritzen dira kapituluak , narratzailearen presentzia txikia izanez. Testua oso arina da, beraz, orain, udan, irakurtzeko oso aproposa da hondartzan, igerilekuan, … gauden bitartean. Fantasia maite dutenei eta umorea gustukoa dutenei zuzenduta dago. Pertsonaia bitxi horiekin oso ondo pasatuko duzue. Azkenik, esan behar, Bruno Hidalgo pasaiatarra ilustratzaile bikaina dela. Oso irudi politak agertzen dira kapitulu guztietan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).