Korrika 15a martxoaren 26an ailegatuko da Txorierrira

Aikor aldizkaria 2007ko ots. 5a, 17:04
Martxoaren 22an Karrantzan hasi eta apirilaren 1ean Iruñean amaituko da Korrika, Euskal Herrian zehar 2.150 kilometro egin ostean. Kalkuluen arabera, martxoaren 26an, 18:00ak inguruan, ailegatuko da Erandio Goikora. Bertatik Bilbora joan, eta 22:00etan Sondikatik sartuko da Txorierrira. Euskararen aldeko lasterketak 15. edizioa beteko du aurten, eta antolatzaileek Heldu aukeratu dute lelotzat: heldu herriari, hitzari, elkarlanari, euskarari eta lekukoari, hain zuzen ere. Korrika 15ek euskal emakumea omenduko du, euskararen biziraupenean izan duen garrantzia eta ezinbesteko papera goraipatzeko. Betiko legez, Korrika Kulturala ere izango da herririk herri. Ohiko ekitaldi kulturalez gainera, programazioa osatu eta aberasteko berrikuntza bat egongo da: Kulturbira. Egitasmoak plazaratzeko aukerarik ez duten emanaldi kulturalak bultzatzea du helburu, eta, horretarako, hainbat ekitaldi izango dira aurten Euskal Herriko zenbait herri eta auzotan: erakusketak, trikitilariak, bertsolariak, ipuin-kontalariak eta hitzaldiak, besteak beste. Kulturbira otsailaren 25ean helduko da Larrabetzura. Gu eta Gutarrak Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren proiektuak hasiera eman zion Korrika Kulturalari otsailaren 1ean. Lan horrekin batera, beste estreinaldi batzuk ere izan dira; Larrabetzuko Bihotz Bakartiaren Klubaren Katamalo obra, haien artean. Kontzertuak, hitzaldiak eta antzerkiak ere egingo dira herririk herri. Beste alde batetik, aipatzekoa da Joseba Gotzonek, Loiuko kantautoreak, Niko Etxartek Korrikarako egindako abestiaren grabazioan parte hartu duela.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).