Galbarriatu Txokoa inauguratu dute Zamudion

Aikor aldizkaria 2007ko ots. 13a, 16:03
Pasa den domekan jendetza handia batu zen Zamudioko Galbarriatu Txokoaren inauguraziora. Txokoa auzo-eskola zegoen eraikinean egin du Udalak, eta hemendik aurrera zamudioztarrek erabili ahal izango dute, hainbat ekitaldi eta ospakizun egiteko. Galbarriatuko eskola 1932. urtean altxatu zuten; beraz, aurten eskolaren 75. urteurrena bete da. Eskola egiteak orduko 2.000 pezeta balio izan zuen, eta eraikitze lanetan Zamudio, Derio, Sondika, Loiu eta Begoñako hainbat auzokok parte hartu zuten. Lehenengo urteetan 40 neska-mutiletik gora izaten ziren klase bakarrean, eta Casimira Ciga garai horretako irakasletarikoa dugu. Lehenengo auzo-eskolak 1920-1921 ikasturtean sortu ziren, eta Bizkaiko Foru Aldundiak horien moduko 125 ikastetxe eraikin zituen 36ko gerra hasi arte. Bertan 6.312 ikasle ibili ziren. Egitasmo honekin helburu bi bete ziren: alde batetik, estatuaren falta ordezkatzea, eta, beste alde batetik, euskal eskola garatzea. Hasiera batean, eskola elebidunak ziren, baina aldaketa politikoen eraginez, euskarazko irakaskuntzak behera egin zuen, Primo de Riveraren diktaduraren sasoian guztiz desagertu arte. Galbarriatuko eskola aspaldian itxi zuten, baina Zamudioko Udalak horren atea berriro ireki du aurten, herritarrak bertan batu daitezen. Eskolako instalazioak eraberritu, eta sutea, gela bi eta hiru komun (horietako bat elbarrituentzakoa) atondu dira. Gela horietako batean eskolako frontoia mantendu dutela aipatzekoa da. Udalak 300.000 € inbertitu ditu eraikitze eta apaintze lanetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).