Emakumeen Nazioarteko Eguna, Txorierrin

Aikor aldizkaria 2007ko mar. 6a, 13:54

Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da, eta Txorierrin hainbat ekitaldi antolatu dira egun horretarako. Derion Berdintasunari begirada argazki erakusketaren berri emango dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan goizeko 11:45ean. Derioko Argazki Taldeak egindako argazkiek osatzen dute erakusketa, eta erretratuok Danerik Paraje elkarteko dendetan jarriko dira. Lander Aiarza alkateak eta Zuriñe Argatxa Berdintasun eta Gazteria zinegotziak hartuko dute parte inaugurazioan. Beste alde batetik, Ser o no ser visible umorezko bakarrizketa entzuteko aukera izango da, Sutondoan emakumeen elkarteak antolaturik. Bakarrizketa arrastiko 6etan hasiko da Larrabarri baserrian. Horren ostean, genero berdintasunari buruzko eztabaida egingo da. Foroan institutuko 16tik 18 urtera bitarteko ikasleak arituko dira arrastiko 8etatik aurrera. Derioko Udalak Emakumeen Postontzia egitasmoa jarri zuen abian joan den urtean, eta hemendik aurrera postontzia Larrabarri baserrian izango da. Lekualdatze horren helburua da emakumeen proposamenak, iritziak eta salaketak hurbiletik ezagutzea eta haiek Berdintasun eta Gazteria Sailarekin duten harremana hobetzea. Beste alde batetik, Solo mía filma emango dute Zamudiotorren arrastiko 6etan; horren ondoren, Genero indarkeria mahai ingurua egingo dute. Mahai inguru horretan parte hartuko dute Vanesa Galego Suspergintza elkarteko kideak, Eva Mendoza Lagunandre elkartekoko kideak eta Arantza Aurrekoetxea Zamudioko Kultura zinegotziak. Moderatzailea Libe Agirre izango da. Iluntzeko 8,30etan kopautxoa eskainiko dute.