<i>Berdintasunari begirada</i> argazki erakusketa

Aikor aldizkaria 2007ko mar. 8a, 15:36
Derioko Udalak Berdintasunari begirada argazki erakusketa antolatu du Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta herrian egingo diren ekitaldien artean. Erakusketari gaur eman diote hasiera eta argazkiak martxoaren 22ra arte egongo dira ikusgai hainbat komertzioetako erakusleihoan. Inaugurazioan Lander Aiarza Derioko alkateak, Zuriñe Argatxa Berdintasun eta Gazteria zinegotziak, Mamen Cisneros Danerik paraje! Zerbitzu eta Merkataritzako Elkartearen presidenteak eta Celso Negro presidenteordeak parte hartu dute. Derioko Argazki Taldeak ateratako 20 erretratuk osatzen dute erakusketa, eta horrek hurrengo helburua du: eguneroko gauzetan berdintasuna pixkanaka-pixkanaka lortzen ari dela islatzea. Era berean, herritarrak berdintasunaren gaineko hausnarketa egitera bultzatzeko asmoa du. Hala ere, oraindik lan handia dago aurretik, eta Aiarzaren esanetan, emakumezkoek ez ezik gizonezkoek ere berdintasunaren alde borrokatu behar dute etxean, lanean zein kalean. “Guztiok lan egin behar dugu, inoiz Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeari utzi eta Berdintasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen has gaitezen”. Aurten zortzi emakume hil dira Euskal Herrian genero-indarkeria dela-eta, “Ezin dugu ahaztu emakume askok ezin dutela egun hau ospatu. Herritarrak, instituzioak, elkarteak eta komunikabideak elkarrekin aritu behar gara, gaitz hori desagerrarazteko eta biktima gehiagorik ez izateko”. Berdintasun Plana Zuriñe Argatxak jakinarazi duen bezala, Udalak Berdintasun Plana martxan jarriko du aurten. “Plana tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei dago zuzenduta, eurek zer egin eta norengana jo jakin dezaten. Bide horretan, liburuxka orokor batzuk jarri ditugu herriko hainbat lekutan, baina Derioko emakumeei zuzendutako gida-liburua argitaratzeko asmoa dugu”. Beste alde batetik, Udalak Emakumeen Postontzia egitasmoa jarri zuen abian joan den urtean, eta hemendik aurrera postontzia Larrabarri baserrian izango da. Lekualdatze horren helburua da emakumeen proposamenak, iritziak eta salaketak hurbiletik ezagutzea eta haiek Berdintasun eta Gazteria Sailarekin duten harremana hobetzea. Postontzia martxan jarri zutenetik hona, hainbat salaketa eta iradokizun jaso dituzte, “literatura tailerra egiteko eskaera izan da haien artean. Horri erantzuna eman eta tailerra bultzatu egin dugu Udaletxetik”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).