Mintza Eguna Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatzen duen jaia da. Jai horrek mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen duten berbalagunek elkar ezagutzea eta egun-pasa ederra egitea ditu helburu nagusiak. Horrezaz gainera, mintzapraktika mugimenduaren tamaina eta zabalkundea ezagutzera eman nahi dute arduradunek.
Aurten Mintza Egunaren bigarren edizioa beteko da, eta hori ekainaren 2an izango da Donostian. Egun horretarako, hurrengo egitaraua prestatu dute:
11:30: Ongi etorria Donostiako Bulebarreko Kioskoan, bertsolarien laguntzarekin.
12:00: Ibilbide gidatua Donostiako alde zaharretik.
12:30: Hamaiketakoa Arrano Beltza Euskal Tokiak prestatuta.
14:00: Bazkaria.
Bazkalostean sari banaketa egingo dute, eta mintzapraktika egitasmoen bilakaeran parte hartze eta garrantzia berezia izan duten erakunde eta lagunei ere opari bana emango zaie. Era berean, kantuan, dantzan eta mintzapraktikan aritzeko aukera egongo da.
Euskal Herriko 39 herrik eta 1.801 lagunek parte hartzen dute mintzapraktika egitasmoetan gaur egun. Txorierrin Berbalagun taldea dago Larrabetzun eta Derion.