Ogi Gozoa lokal komertziala martxan jarri dute Pereiran

Aikor aldizkaria 2007ko eka. 1a, 16:01
Behar Bidasoa Gobernuz Kanpoko Erakundeko Txorierriko lagunek aspaldian jarri zuten martxan emakumeei zuzendutako Lanbide Heziketa zentroa Pereira hiriko Las Brisas auzoan (Kolonbia). Emakumeei prestakuntza emateaz gainera, hainbat jarduera garatu dira bertan zazpi urtean: liburutegia, jantokia, haurtzaindegia, besoetakotze-programa, ikasketa-bekak, psikologoa eta gizarte langilea, euren artean. Lanbide Heziketa zentroa Ahizpa Pasiotarrek kudeatzen dute eta horren jarduna Zamudio, Derio eta Lezamako Udalek emandako laguntzen bidez finantzatzen da gaur egun. Ogi Gozoa lokal komertziala burutu den azken proiektua izan da eta horretarako, etxe bat erosi da Pereiran bertan. Apirilean okindegia zabaldu zen eta aste batzuen buruan ile-apaindegia ere jarriko dute martxan, baita eskulan eta zeramika tailerra eta ordenagailu gela ere. Saltoki berriak oso helburu argiak ditu. Alde batetik, lokal honetan Lanbide Heziketa zentroan prestatutako emakumeek egingo dute lan, praktika eta esperientzia hartzeko eta lan merkatura ahalik eta baldintza onenetan ateratzeko. Beste alde batetik, lanbide zentroan ekoiztutako materiala salduko da, diru iturri horri esker, astiro-astiro lanbide zentroa autonomoa izan eta kanpoko diru-laguntza barik jarduteko gai izan dadin. Ahizpa Pasiotarrek Loiu, Sondika, Urtuella eta Amurrioko Udalen laguntza izan dute lokala erosteko eta egokitzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).