Alzibar, Arku-tiro Euskadiko txapelduna eta Estatuko txapeldunordea

Aikor aldizkaria 2007ko eka. 18a, 11:58
Maiatzaren 26an eta 27an Espainiako Arku-tiro Txapelketa izan zen Avilan eta Joseba Alzibar zamudioztarrak bigarren postua lortu zuen ohiko arkuaren kategorian. Kategoria horretan 74 tiratzailek parte hartu zuten. “Egia esan, ez nago oso pozik”, esan digu Espainiako txapeldunordeak, “Kanporaketetan nahiko marka onak (52 puntu) lortu nituen, baina finalean oso urduri ibili nintzen. Txapeldunak 47 puntu egin zituen eta nik, 43”. Alzibarrek aipatu bezala, otsailean Euskadiko Txapelketa irabazteak askoz ilusio handiagoa egin zion. “Oso txapelketa estua izan zen hori. Talderik onenak Gasteizkoak dira eta bertako tiratzaileen artean Aitor Laguna nabarmentzen da. Euskadiko Txapelketaren finalean bere aurka aritu nintzen, baina Lagunari niri Espainiakoan gertatutakoa gertatu zitzaion: oso urduri ibili zela. Horrezaz gainera, Euskadiko Txapelketan guztiok ginen ezagunak eta giro atseginagoa zen”. Joseba Derioko Gezibide klubeko partaidea da eta duela urte eta erdi hasi zen arku-tiro munduan. “Seme-alabek zortzi urte daramatzate kirol hau –hobby, nire ustez- praktikatzen eta egia esaten badut, nahiko aspergarria da ikusten. Horregatik, ni ere aritzera animatzea erabaki nuen”. Arku-tiroa praktikatzen gutxi eraman arren, oso emaitza onak lortu ditu Alzibarrek eta horretan konstantziak eta gogor entrenatzeak eragina izan dute . “Zuek ideia egiteko: ohiko arkua egurrezkoa da eta ez dauka zer ikusirik olinpikoarekin. Ez du finkagailurik, ez ikusgailurik… Beraz, intuizio handia izan behar da: %50 punteria da eta beste %50, intuizioa. Txapelketetan esaten den moduan, balio duena indioa da, ez arkua”. Europako Txapelketa laster izango da Kroazian eta Espainiako Federaziotik deitzen badute, bertan parte hartuko duela ziurtatu digu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).