Txorierriko Udalbatzak osatu dira

Aikor aldizkaria 2007ko eka. 22a, 14:35
EAJk alkatetza guztiak eskuratu ditu eta EAEk herritarren borondatea errespetatzeko eskatu du
Lander Aiarza, Tomas Ordeñana, Vicente Arteagoitia, Gorka Carro eta Sorkunde Aiarza izango dira berriro ere, Derio, Larrabetzu, Loiu, Sondika eta Zamudioko alkateak, hurrenez hurren. Luis Ramón Alvarez ez da aurkeztu hauteskundeetara eta datozen lau urtetan Alaitz Etxeandia izango da Lezamako alkatea. Beraz, ekainaren 16an udalbatzak osatu ostean, alkatetza guztiak EAJk lortu ditu. Beste alde batetik, EAEk zinegotzi bat eskuratu du Derion eta lau Larrabetzun. EAJk ere lau zinegotzi izan ditu azken herri horretan eta EB-B-Aralar-eko ordezkariaren abstentzioak Tomás Ordeñanari eman dio bertako makila, alderdi jeltzalea boto gehien eskuratu duena izan baita. EAE ezin izan da herri guztietan hauteskundeetara aurkeztu, Lezaman, Loiun, Sondikan eta Zamudion legez kanpo gelditu delako. Herri horietan boto baliobakoak nabariak izan dira (Lezama, 284; Loiu, 130; Sondika, 247 eta Zamudio, 348) eta EAEk erreklamatu egiten ditu. Horrela, bere lekua udalbatzetan aldarrikatu du hainbat ekimen eta salaketa antolatuz. Lezaman, esate baterako, ezker abertzalearen jarraitzaile batzuk udaletxearen aurrean bildu ziren Udalbatza osatu aurretik eta ondoren, “Lezama demokrazia 0” lelopean. Bitartean, egoera konpontzeko agiria irakurri eta luzatu zien zinegotzi guztiei. Zamudion ere EAEko ordezkariek komunikatu bat irakurri zuten euren ustez egoera antidemokratikoa dena salatzeko eta herriaren erabakia kontuan hartzeko eskatzeko; hala ere, une tirabiratsuak izan ziren eta osoko bilkura gelaz aldatu behar izan zen udalbatza osatu ahal izateko. EAk uko egin dio karguari Lezaman eta Zamudioko EB-B-Aralarreko ordezkaria ez zen aurkeztu udalbatza osatzera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).