Sai batek ikusmin handia sortu du Zamudion

Aikor aldizkaria 2007ko ira. 5a, 13:20

Argazkiak: Egoitz Mozo

Atzo arratsaldean zalaparta handia izan zen Zamudion, Leizaola Lehendakari plazako etxe baten teilatuaren gailurrean sai bat agertu zen-eta. Animaliak ikusmin handia sortu zuen eta bertara hainbat ume eta ez hain ume hurbildu ziren. Hegaztiak ordubete eman zuen teilatuan. Base Gorriko langile bat eta suhiltzaileak animalia erreskatatzen saiatu ziren, hori gaixorik egongo zela pentsatuta. Baina ezinezkoa izan zen eta, saiak hegoak astintzen zituela ikusita, uxatu zuten lapikoko estalkiak erabiliz. Animalia Zamudiotorrera abiatu eta hango teilatuan pausatu zen. Gauean zehar bertatik alde egin zuen. Bi hipotesi kontuan hartu izan dira, saia herrian agertu izana justifikatzeko: bata, gaixorik zegoela eta bestea, haize-korronteek bertaraino eraman zutela.