Txorierritar bi, atxilotuen artean

Aikor aldizkaria 2007ko urr. 5a, 13:19
Espainiako Poliziak ezker abertzaleko 23 buruzagi atxilotu ditu bart Seguran, Garzon epailearen aginduz. Atxilotuen artean badira txorierritar bi: Aner Petralanda zamudioztarra eta Joana Regueiro larrabetzuarra. Espainiako poliziak gau osoan jardun du miaketak egiten Euskal Herriko hainbat tokitan. Goizaldeko seiak aldean, poliziak Petralandak Bilbon duen etxean agertu dira. Gaztea aurrean egon da miaketa lanak egin diren bitartean; neskalaguna, berriz, etxetik kanpo eroan dute. Lekukoek azaldu digutenaren arabera, poliziek neska mehatxatu dute oihuka jarduteari utz ziezaion. Petralandaren etxetik gauza batzuk eraman zituzten; ordenagailu bat, euren artean. Beste alde batetik, Joanaren etxea gaur goizean arakatu dute. Larrabetzura lau polizia-furgoneta azaldu dira, eta, miaketa lanak egin diren bitartean, neska eta pisukidea izan dira aurrean. Joanaren etxe aurrean lagunak eta herrikideak batu dira eta poliziek porraz jo dituzte bilkura desegiteko. Batzuek kolpe handiak jaso dituzte. Miaketa lanok eguerdiko 12:30ak aldera amaitu dituzte. Neska polizia-furgonetara eraman dutenean, lagunak adore ematera hurreratu dira eta poliziak borraz jotzen hasi zaizkie berriro. Joanaren etxetik argazkiz betetako CD batzuk, postalak eta pisukidearen agenda eraman dituzte, besteak beste. Arrastiko 7,30etan manifestazioa egingo da Larrabetzun, eta iluntzeko 8etan, Zamudioko plazan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).