111 Akademiak kideak behar ditu Txorierrin

Aikor aldizkaria 2007ko urr. 8a, 13:09
Karmele Jaio Gasteizko idazleak Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena saria jaso zuen iaz Amaren eskuak liburuari esker
Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 111 Akademiak martxan jarri du. Hori euskal literaturzaleen lehenengo akademia da eta Euskal Herri osoko 111 kidek osatuko dute. Gaur egun, Akademiak 72 kide ditu eta horietako bost bizkaitarrak dira. Hala ere, ez dago Txorierriko ordezkaririk. Akademiaren 111 kideetatik 32 Bizkaiko eskualde ezberdinetakoak izatea nahi dute arduradunek. 111 Akademiak euskal literaturgintzan irakurleari protagonismoa ematea du helburu eta horretarako, Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena saria emango dute urtero. Sari horrek irakurleen artean gogokoen suertatu den liburua saritzen du 1996. urtetik hona eta hasiera batean Beterriko Liburua aldizkariko irakurleek erabakitzen zuten nori eman. Duela zazpi urte irakurle horiek Epaimahai Orokor bat osatu zuten, eta orain, 111 Akademiaren bidez, epaimahai hori handitu eta Euskal Herri osora zabaldu nahi dute. 111 Akademiako kideak eginkizun hauek izango ditu: urtean bizpahiru liburu gutxienez irakurri beharko ditu, urte horretan bertan euskaraz argitaratutakoak; liburuak irakurtzen duen heinean, horiei buruzko iritzia bidali beharko du Akademiara; eta urte amaieran Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena saria nori emango liokeen adierazi beharko du. Horrezaz gainera, akademikideek Beterriko Liburua aldizkariko erredakzio batzordean parte hartzeko aukera izango dute. Beterriko Liburua aldizkaria hiru hilabetean behin argitaratzen da eta idazleei egindako elkarrizketak, liburuen gaineko gomenduak eta akademikideen iritziak biltzen ditu. Beste alde batetik, Akademiak urterako programa bat izango du eta hitzaldiak, literatur solasaldiak eta txangoak eskainiko dizkie kideei. Hasieran aipatu dugun moduan, 111 Akademiak ez du kiderik Txorierrin, eta bertako euskal irakurleei akademikide izateko gonbidapena luzatu die, Txorierrik ere bere ordezkaritza izan dezan 111 Akademian. Akademikidea izan nahi baduzu, zure liburutegira jo dezakezu 111 Akademiaren inguruko informazio zabalagoa eskuratzeko. Bestela, Akademiarekin zuzenean harremanetan jar zaitezke 943 69 64 50 telefono zenbakian edo belisari@topagunea.com korreoko helbidean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).