Begoñara erromes, datorren urtean ziur ezetz!

Aikor aldizkaria 2007ko aza. 8a, 15:07
Athleticen aurreko denboraldiko partida bat ikusten ari zen bitartean, promesa egin zuen Ander Lekerika zamudioztarrak: “Bigarren mailara jaisten ez bada, Begoñara joango naiz oinez!”. Eta lagun batek esan zion: “Eta ni zurekin”. Promesa ahoz aho zabaldu zen lagun eta ezagunen artean, eta kartel bat ere jarri zuten herrian, zamudioztarrak eurekin joatera animatzeko. Azkenean 21 lagunek osatutako taldea Begoñara abiatu zen azaroaren 3an, zapatuz. Gehienak zamudioztarrak ziren, baina lezamatar eta derioztar baten bat ere animatu zen erromesaldian parte hartzera. Zamudiotik goizeko 11etan irten ziren Athleticen kamiseta jantzita, eta Begoñako basilikara eguerdiko ordu bata laurden gutxiagotan ailegatu ziren. Bidetik ez ziren damutu promesa egin izana; guztiz kontrakoa: “Herriko elkarte ezberdinetako lagunak batu ginen, eta edade guztietakoak, gainera. Oso ondo pasatu genuen eta esperientziak elkar hobeto ezagutzeko balio izan digu, izan ere, batzuok ez genuen elkar ezagutzen edo harreman gutxi genuen elkarrekin”. Begoñan kandelak piztu eta bertako abadearekin berba egiteko aukera izan zuten. Bere esanetan, asko dira Athleticen alde eskatzera Begoñara joaten direnak, baina argi utzi zien moduan: “Ama Birjinak ez du golik sartzen”. Promesa bete ostean, Alde Zaharrera joan ziren indarrak berritzera eta parrandak arratsaldeko 8ak arte iraun zuen. “Primeran pasatu genuen. Berriro errepikatzeko asmoa dugu; urtean gutxienez birritan egin beharko genukeela komentatu zen!”. Hurrengoan Athletic bigarren mailara jaisteko zorian ez egotea espero dezagun.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).