Arroeta Zamudioko mendi taldeak hiru urte beteko ditu laster eta, urtero egiten duen moduan, hainbat ekitaldi antolatuko ditu urtarrilaren 19an, urteurrena ospatzeko. Horrela, Gotzon Larruzea larrabetzuarrak Jiaizi mendiari buruzko proiekzioa eskainiko du 12:00etan Zamudiotorren. Mendi hori Sichuan-en (Txina) dago. Ondoren trikipoteoa egingo dute herriko tabernetatik eta 15:00etan bazkaria izango dute. Bazkarian izena emateko azken eguna urtarrilaren 15a da. Ekintzetan parte hartu nahi dutenek Arroetakoekin jar daitezke harremanetan 94 608 82 85 telefono zenbakian edo arroetamt@euskalnet.net helbide elektronikoan. Bestela, klubetik ere pasa daitezke martitzenetan eta barikuetan, 19:30etik 21:00etara bitartean.