Txorierriko Gazte Koordinadora sortu da

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 4a, 13:06
Joan den domekan Txorierriko Gazte Koordinadora (TGK) aurkeztu zen jendaurrean. TGK-k helburu hauek ditu: egungo eskualde ereduaren aurka borrokatzea, etxebizitza arazoari aurre egitea eta pribatizazio eta behin-behinekotasunaren aurrean gazteen aldarria tinko entzunaraztea. Koordinadoraren sortzaileen esanetan, indarrean dagoen sistema kapitalista neoliberalak dena negozio bihurtu nahi du, “baita gazteoi dagozkigun eskubideak ere”. Eskubideen urraketa horrek zein batzuek poltsikoak betetzeko duten grinak gazteak bete-betean harrapatzen dituztela azaldu dute, “lan-baldintza eskasak inposatuz, zerbitzuak pribatizatuz, gure aisialdia merkantilizatuz…”. Txorierrin horren adibide ugari dagoela salatu dute gazteek: “edozer balio du etekin ekonomikoa egonez gero: zementua nonahi sartu, Ama Lurra suntsituz (AHT, PTP, barianteak…); garatu bako garraio publikoaren planak; eta inposatutako gazte lokalak, besteak beste”. Etxebizitza-eskubidea Etxebizitza-eskubidearen ukazioa zanpaketa horren adibiderik argienetako bat da, gazteen ustez. Euskal Herrian 245.222 etxe gutxi gorabehera daude hutsik eta, hala eta guztiz ere, pisuak altxatzen jarraitzen da. “Noren mesederako?, Zein preziotan?”. TGK-k azaldu duen moduan, etxebizitzak balio duen 100 euro bakoitzeko 170 euro ordaindu behar dira, finantzazio-gastuak gehitu ondoren. Azken 170 euro horiek horrela banatzen dira: 72 euro banketxeetarako, 70 euro lurzoruaren jabeentzat eta sustatzaileentzat eta 28 euro lana eta materiala ordaintzeko. Txorierriko Gazte Koordinadora egoera horren kontra aritzeko sortu da. “Espekulatzaileei kaña emateko. Gazteon eskubideen alde borrokatzeko. Gure eskubideen zapaltzaileei tinko erantzuteko. Urraketa honek baimentzen dituztenei gurekin jolasten ez dela ozenki adierazteko. Txorierri berpizteko. Herriak girotzeko. Eta gazteoi, gure indarrarekin dena egi bihurtu dezakegula helarazteko”. TGK-ren kideek etxebizitza-eskubidearen aldeko ekitaldia antolatuko dute domekan. Goizeko 11etan parodia egingo dute, eta 12etan, kontzentrazioa.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).