Arku-tiroketa antolatu dute Zamudion

Aikor aldizkaria 2008ko api. 22a, 09:44

Gezi-Bide Derioko klubak arku-tiroketaren erakustaldia egingo du maiatzaren 4an Zamudion. Ekitaldia Torrelarragoiti industrigunea eta Oxinaga auzoa lotzen dituen bidean izango da, eta ibilbide horretan zehar hiru dimentsioko animaliak jarriko dituzte diana moduan. Era berean, uharka txiki bat altxatuko dute, bertan ahateak ipintzeko. Arku-tiroketan federatuta dauden arkulari guztiek hartu ahalko dute parte; hala ere, diana bat atonduko dute nahi duenak saiakera egin dezan. Proba goizeko 9etan hasiko da, eta helburu bi ditu: alde batetik, arkulariek entrenamendua egitea Espainiako Txapelketari begira; eta beste alde batetik, kirol hau herritarrei hurbiltzea. Espainiako Txapelketa maiatzaren 9etan izango da Salamancan, eta han Joseba Alzibar zamudioztarra, besteak beste, arituko da lehian.