Goi-Alde dantza taldea Marmariseko jaialdian izango da

Aikor aldizkaria 2008ko api. 22a, 13:58

Testua: Jon Goikouria

Erandioko Landeako Goi-Alde dantza taldeak Marmaris hiriko (Turkia) udaberriko jaialdian hartuko du parte, Astrabuduako Trabudu eta Erandioko Uztargi dantza taldeekin batera. Musikari eta dantzarien artean, 50 lagun abiatuko dira Turkiara. Bidaia egiteko aukera joan den urteko azaroan sortu zen. Mikel Arieta-araunabeña Erandioko alkateak Sedat Kirt Marmiseko udal ordezkaria ezagutu zuen Estatu Batuetan, bertan egun batzuk pasatzen ari zela. Harreman ona sortu zen gizon biren artean, eta turkiarrak gonbidapena luzatu zion alkateari, Erandioko hiru taldeek euren nazioarteko udaberriko jaialdian parte hartzeko. Bidaia maiatzaren 15etik 19ra bitartean egingo dute. “Kultura-trukez ari gara” adierazi du Sorkunde Goikouria Goi-Alde dantza taldearen presidenteak. Gastuak Erandioko Udalak ordainduko ditu. “Taldeek Euskal Herriko folklorea ezagutzera emango dute Turkian, eta hango jai-giroan ere hartuko dute parte”, aipatu du Santiago Neira kultura zinegotziak. Hilaren 16an, 17an, eta 18an kalejirak eta kontzertuak izango dira Marmarisen; egitarau osoa www.marmarisfestival.com webgunean jarri dute ikusgai.