Hip-hop-ak hartuko du Derio

Maiatzaren 10ean, zapatuz, Derioko II. Hip-hop Jaialdia izango da Almazene kalean, Arte Urbano taldeak antolatuta. Jaialdiari arratsaldeko 6etan emango diote hasiera, eta bertan 16 taldek hartuko dute parte. Taldeok hauek dira: Casper, Pirkel, Dolce Rima, TGV, Breakers, Kok, Markina, Bitxos Raros K, Mufasa King, 312, 121 Crew, 359, Atrapao, Xhelazz, Boker eta Bilbo Scrach. Talde bakoitzak ordu erdian joko du, Xhelazz rap-abeslariak izan ezik. Azken hori jaialdiaren kartel-burua izango da, eta ordubetean arituko da eszenatokiaren gainean. Talde guztiak Txorierri eta Bilbo ingurukoak dira. Antolatzaileek azaldu digutenaren arabera, jaialdiak helburu bikoitza du. Alde batetik, euren musika ezagutarazteko aukera eman nahi diete hip-hop munduan hasi berri diren taldeei. “Xhelazz-en eskutik egingo dute. Hori izen handiko rap-abeslaria da estatu mailan”. Eta beste alde batetik, hip-hop kultura hurbildu nahi diete herritarrei. “Bandalismoa eta hip-hop nahasten dira askotan, eta mugimendu hau benetan zertan datzan jendeak jakitea nahi dugu”. Eszenatoki ondoan panel bat jarriko dute eta han graffitiak margotuko dituzte.