Santzoka Derioko elkarteak ‘Cemenderio Rocka’ gazte topaketa antolatu du maiatzaren 17an, zapatuz. Ekimenak 2. edizioa beteko du aurten eta San Isidro jai-egitarauaren barruan egingo dute.
Topaketa hilerri ondoko aparkalekuan izango da eta arratsaldeko 4etatik aurrera kontzertuak egongo dira bertan. Eszenatoki gainean talde hauek arituko dira: Artista invitado, Komando sei, Noneim, Okupando Rom@ eta Atados a nada. Lehenengo biak Txorierrikoak dira eta gainontzekoak, inguruko herrietakoak. Gainera, talde bat konfirmatu barik dute oraindik.
Arratsalde osoan zehar barra bat egongo da, eta bertan garagardoa, kalimotxoa eta sangria jarriko dituzte salgai, besteak beste. Kontzertuen ostean herri afaria egingo dute. Antolatzaileek plantxa handi bat eramango dute, koadrilek ekarritako gauzak han prestatzeko. Ondoren, zaku erraldoi lasterketa izango da.