Gazte-txartelak jarri dituzte eskuragarri Gazte Informazio Bulegoan

Aikor aldizkaria 2008ko mai. 13a, 11:05

Zuetariko asko udako oporrak prestatzen hasi zarete, ziur asko; edo laster egingo duzue. Txorierriko Gazte Informazio Bulegoak behar hori errazago egitea du helburu, eta hainbat abantaila eskaintzen duten gazte txartelak jarri ditu zuen eskura. Txartelak hauek dira: Nazioarteko Ikasle-txartela: ISIC txartela munduko edozein herrialdetan erabil daiteke, eta, bere abantailez gozatzeko, baldintza bakarra bete behar da: ikaslea izatea. Irakasle-txartela: ITIC txartela ikastetxe ofizial batean aritzen diren irakasleek atera dezakete. Txartelak deskontuak eskaintzen ditu garraioan, ostatuetan, museotan, antzokietan eta beste hainbat lekutan. Nazioarteko gazte-txartela: Go-25 txartela 26 urtetik beherako lagunei dago zuzenduta. Horrek zenbait beherapen eta abantaila eskaintzen du munduko edozein tokitan. Aterpekide-txartela: Txartel honek ez du deskonturik eskaintzen; hala ere, eramaileak abantailak lor ditzake planeta osoko aterpetxeetan. Txartelen gaineko informazioa Gazte Informazio Bulegoan eskura dezakezue: Behargintza, Berreteaga industrialdea, 13 A. Era berean, 944536798-944536370 telefono zenbakietara dei dezakezue, edo mezua agindu, oij@e-txorierri.com helbidera.