Mintza Eguna Getxon egingo dute aurten

Aikor aldizkaria 2008ko mai. 13a, 14:13
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa duela hiru urte hasi zen antolatzen ‘Mintza Eguna’ ekimena. Hori Euskal Herriko mintzapraktika taldeen elkargunea da, eta aukera paregabea eskaintzen du kurtsoari amaiera emateko, eta mintzapraktika taldeetako partaideek elkar ezagutzeko. Mintza Egunaren lehenengo edizioa Iruñerrin antolatu zuten 2006. urtean; eta bigarrena, Donostian iaz. Hirugarren edizioa ekainaren 14an, zapatuz, egingo dute Getxon. Bertan ekitaldi hauek izango dira goizeko 11etatik aurrera: ongi etorria, Portu Zaharreko orubean; ibilaldi gidatua; kalejira eta bazkaria. Horrezaz gainera, sariak banatuko dituzte bazkalostean. Mintza Egunak helburu bi ditu. Alde batetik, mintzapraktika egitasmoen tamaina eta zabalkundea ezagutzera eman nahi dute arduradunek; eta, beste alde batetik, ekimenaren alde ludikoa ere azpimarratu nahi dute. Mintzapraktika edo Berbalagun egitasmoak pertsona hauei daude zuzenduta: euskaraz hitz egiteko ohitura dutenei; euskaraz ongi jakin arren, norekin hitz egin ez dutenei; euskarazko harreman sareak zabaltzen eta inguru euskaldunak sortzen lagundu nahi dutenei; eta euskalduntze prozesua bukatzen dabiltzanei. Gaur egun 48 herrialdek eta 2.467 lagunek parte hartzen dute mintzapraktika egitasmoetan. Txorierrin ere Berbalagun taldeak ditugu Larrabetzun eta Derion.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).