‘Lur Barriak’ sarien seigarren deialdia

Aikor aldizkaria 2008ko mai. 16a, 11:48

Txorierriko Behargintzak ‘Lur Barriak’ sarien seigarren deialdia jarri du martxan Bermeoalde, Erandio, Getxo, Leioa, Mungialde eta Uribe Kostako zentroekin batera. Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundia, Eudel eta BBK Gaztelanbidean Fundazioaren laguntza du. ‘Lur Barriak’ lehiaketak kultura ekintzailea sustatzea du helburu, eta 2007. urteko ekainaren 15etik 2008. urteko uztailaren 14ra bitartean Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta egin duten enpresa berriek har dezakete parte. Negozioaren ekintzaileetariko batek gutxienez erroldatuta izan beharko du goiko lerroetan aipatutako udalerrietako batean. Bestela, enpresak udalerri horietako batean izan beharko du egoitza, eta lehiaketa antolatzen duten Behargintza zentroren baten tutoretza-zerbitzua jaso beharko du. Sari nagusia emango dute, eta Behargintza bakoitzeko beste sari bat. Lehenengo saria 6.000 eurokoa izango da; eta gainontzekoak 2.500 eurotakoak. Lehiaketan irizpide hauek hartuko dituzte kontuan: enpresaren jarduerak kanpora begira duen proiekzioa eta enpresa hedatzeko aurreikuspenak; sortutako lanpostu kopurua; inbertsio-bolumena; enpresaren kokalekua; eta Erantzukizun Sozial Enpresariala. Eskabideak Behargintza zentroetan aurkez daitezke uztailaren 15era arte (eguerdiko 12etan). Informazio gehiago, Txorierriko Behargintzan: 944536370 eta autoempleo@e-txorierri.com.