Deialdia egin die TGK-k Txorierriko gazteei

Aikor aldizkaria 2008ko mai. 26a, 15:22
Deialdia egin die TGK-k Txorierriko gazteei Gazteek hainbat arazori aurre egin behar diote gaur egun, eta etxebizitzarena kezkagarrienetarikoa da. Txorierriko Gazte Koordinadorak (TGK) salatu duen moduan, banketxeek, higiezinen agentziek, eraikuntza-enpresek... negozio bihurtu dute eskubidea dena, eta gazteak kale gorrian bizitzera kondenatzen dituzte. Era berean, herriak luxuzko etxez betetzen diren bitartean, ehundaka etxe hutsik daudela esan dute. “Babes ofizialeko etxebizitzak alternatibatzat ematen dizkigute, baina gazteok bete ezin ditugun baldintzak eskatzen dizkigute. Gainera, eskubidea dena zozketatu egiten da”. TGK herri ezberdinetako gazteek osatutako koordinadora da, eta egoera horri erantzuna ematea du helburu. Horretarako, gunea eskaintzen die Txorierriko gazteei, bertan arazo honen inguruan eztabaidatu eta proposamenak egin ditzakete. “Etxebizitza duina eskubidea dela argi izatea nahi dugu eskualdeko gazteek. Eskubide hori bermatzeko bidean lan egingo dugun konpromisua hartzen dugu”. Ondorioz, deialdia egin diete Torierriko gazte guztiei, eurekin batera gazteen eskubideak aldarrikatzeko, eta horien alde lan egiteko. “TGK bertoko gazte guztien tresna da; bakoitzak ahal duen denbora eskainiz, eta parte hartuz aurrera egingo duen egitasmoa”. Koordinadorarekin harremanetan jarri nahi duenak herrian bertan galdetu ahal du, edo mezua bidali korreoko helbide honetara: txorierrikogaztekoordinadora@gmail.com.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).