Topaguneak Erandion egingo du Graffiti Lehiaketa

Aikor aldizkaria 2008ko mai. 26a, 15:24

Uztailaren 19an, Euskal Herriko Graffiti Lehiaketa izango da Erandion, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatuta. Lehiaketak bosgarren edizioa beteko du aurten, eta nobedadeak ekarriko ditu. Lehenengo eta behin, izen propioa estreinatuko du. Graffitiaren munduan dabiltzan lagunen proposamenak jaso ostean, ekimenari Mikel Aldekogarai gazteak proposatutako ‘Spraikadak’ izena jartzea erabaki dute arduradunek. Irudi grafiko bateratua ere izango du aurtengo lehiaketak. Hori Garikoitz Arregik asmatu du. Garikoitzek lehiaketa irabazi zuen iaz. Euskal Herriko Graffiti Lehiaketan parte hartu nahi dutenek horman egiteko asmoa duten ziriborroa agindu behar dute Topagunera ekainaren 27a baino lehen. Lan guztien artean, hamar onenak aukeratuko dituzte, eta horiek izango dira Erandioko hormetan pintatuko direnak. Parte-hartzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte: 16 urtetik gorako gaztea izatea, graffitiko testuak euskaraz egitea, zirriborroa epea amaitu aurretik bidaltzea eta finalista suertatuz gero, graffitia antolakuntzak emandako sprayekin egitea. Estiloa, teknika eta gaia libreak dira. Antolatzaileek hiru sari emango dituzte: 1.500, 1.200 eta 900 euro. Informazio gehiago:www.topagunea.org/graffiti.