Argazki Rallyaren sariak banatu dituzte Derion

Aikor aldizkaria 2008ko eka. 9a, 15:43

Argazkiak: DAT

Zapatuan Derioko VIII. Argazki Rallyaren sari-banaketa egin zen Gurea Aretoan. Ekitaldian 30 lagun inguru batu ziren. Rallya Derioko Argazki Taldeak (DAT) antolatzen du urtero, eta arduradunek hiru sari banatu dituzte aurten. Irabazleak hauek izan dira: argazki-bildumarik onena, Nerea Negro; argazkirik onena, Susana Calleja; eta argazkirik originalena, Mikel Martin. Lehenengo sailkatuak 150 euro jaso zuen saritzat; eta bigarrenak, 100 euro. Hirugarren sailkatuari 75 euroko txartela eman zioten, Derioko Dendarien Elkartearen kide diren dendetan erosteko. Sariak banatzeaz gainera, finalisten argazkiak ez ezik parte-hartzaile guztien argazkiak ere proiektatu ziren Gurea Aretoan. Ekitaldia amaitu ondoren, bazkaria egin zuten argazki taldekoek Lezamako sagardotegi batean, elkartearen 25. urteurrena ospatzeko.