Euskara ikastaroentzako dirulaguntzak

Aikor aldizkaria 2008ko ira. 24a, 14:37

Aurreko urteetan bezala, 2007-2008 ikasturtean homologatuta dauden euskaltegi edo barnetegietan euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituztenei dirulaguntza emango die Txorierriko Mankomunitateak. Eskabideak udaletxeetan jarriko dituzte eskuragarri eta urriaren 6tik azaroaren 6ra bitartean aurkeztu beharko dira udaletxeetan bertan edo Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan. Eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte, besteak beste: 16 urtetik gorakoak izatea; 2005eko urriaren 1etik Txorierrin erroldatuta egotea; ikastaroen orduen %90 edo gehiagoko asistentzia edukitzea; eta ikastaroa gaindituta izatea. Emango den dirulaguntzaren zenbatekoa honakoa izango da: matrikularen %75 eta %100 bitartekoa, Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen dutenentzat; matrikularen %50 eta %75 bitartekoa, ikasturte barruan langabezian gelditu direnentzat; eta %25 eta %50 bitartekoa, gainontzekoentzat.