Eguraldia lagun izan zuten domekan Lezamako Uzta Egunera hurbildu ziren milaka lagunek. Uzta Eguna zazpigarren aldiz antolatu dute aurten, eta aurreikuspen guztiak bete egin dira. Datu ofizialen arabera, 3.000 pertsona inguru batu ziren herrian eta ia 400 litro txakolin saldu ziren guztira.
Zer egin, zer dastatu eta zer ikusi. Azokak hamaika aukera eskaini zizkien lezamarrei zein bisitariei: bertsolariak, umeentzako tailerrak, trikitixa... Era berean, 40 salmenta postu jarri ziren eta txakolinaz aparte, hainbat produktu jarri ziren ikusgai bertan: gazta, fruta eta euskal pastela, esate baterako.