Ipuin lehiaketak 70 sari bananduko ditu

Aikor aldizkaria 2008ko urr. 13a, 15:46
Mankomunitateak Txorierriko XI. Ipuin Lehiaketa jarri du martxan. Lehiaketan nahi duten guztiek har dezakete parte, dagokien kategoriaren arabera: A kategoria, zazpi urtera arte; B kategoria, zortzi eta bederatzi urtekoak; C kategoria, 10 eta 11 urtekoak; D kategoria, 12 urtetik 15 urtera artekoak; eta E kategoria, 16 urtetik gorakoak. Lanak euskaraz idatziko dira eta ez dira lau orrialde baino luzeagoak izango. Gaia librea da; hala ere, lanek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan beharko dute. Besteak beste, imajinazioa, kreatibitatea eta presentazioa hartuko dira kontuan horiek ebaluatzeko orduan. Ipuinak gutun-azal handi batean aurkeztuko dira eta kanpoko aldean kategoria eta udalerria idatziko dira. Barruan ipuina eta beste gutun-azal txikiago bat sartuko dira. Gutun-azal txikiaren barruan izen-abizenak, helbidea, adina eta telefonoa idatziko dira. Lanak liburutegietan edo Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan aurkez daitezke azaroaren 30era arte. Epaimahaiak lanik onenak aukeratuko ditu eta guztira 70 sari bananduko dira. Lehenengo eta bigarren sariez gainera, herriko accesit bi emango dira kategoria guztietan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).