Euren musika ezagutarazteko aukera izan dute Txori

Aikor aldizkaria 2008ko urr. 20a, 14:05

Argazkiak: Esther Martin

Zapatuan Txorierriko Gazteen Jaia egin zen lehenengo aldiz Derion, Mankomunitateak antolatuta. Ekintza helburu bikoitza zuen: alde batetik, bailarako talde gazteek egiten duten musika ezagutzera ematea, eta bestetik, txorierritar gazteen arteko harremana estuagoa egitea. Kontzertuak arratsaldeko 8etan hasi ziren eta eszenatoki gainean talde hauek aritu ziren: Deadly, The Lasai, Habemus Ratas eta Piedra en Mano. Esne Beltza taldearen kontzertuak amaiera eman zion musika jaialdiari. Txorierriko taldeek pozik hartu dute beste gazteen aurrean euren musika jotzeko eskaini zaien aukera. Gore makillaje tailerra egin zen, eta skate tailerra ere antolatuta zegoen hasiera batean. Hala ere, bertan behera utzi behar izan zuten hori, pistak oso labain baitzeuden ihintza dela-eta. Gazteek jaialdiari buruz duten iritzia ezagutzea gustatuko litzaieke antolatzaileei. Horretarako eta hurrengo edizioei begira, iradokizunak agindu ahal dira helbide hauetara: oij@e-txorierri.com eta emartin@e-txorierri.com. Telefonoz esateko aukera ere badago: 944540350 (Esther, ostegun arratsaldean).