Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu du laugarren aldiz. Rallyari izena jarri diote aurten eta hori Kameratoia izango da hemendik aurrera.
Txapelketa Donostiako Tabakaleran egingo dute abenduaren 13an eta parte-hartzaileek 10 orduko epea izango dute euren lanak egiteko. Egun horretan ere ezagutaraziko zaizkie gaia eta baldintzak. Horien arabera hiru minutuko bideo baten istorioa asmatu, irudiak grabatu, editatu eta jendaurrean aurkeztu egin beharko dute. Topaguneak hiru sari banatuko ditu orotara: 1.500, 1.200 eta 900 euro.
Lanak euskaraz aurkeztu beharko dira eta parte-hartzaileek bideoa ekoizteko kamera, ordenagailua eta beharrezko tresneria izan beharko dute. Izena emateko epea, azaroaren 28an amaituko da.
Iazko ildotik jarraituz, Topaguneak bloga jarri du martxan informazioa zuzenean jaso nahi dutenei zuzenduta. Lehiaketaren oinarriak, joan den urteko lanak, izena ematea eta beste hainbat jakingarri aurki daitezke. Helbidea www.kameratoia.com da.