Ongi etorri Txorierrira ere bai!

Aikor aldizkaria 2008ko aza. 17a, 14:57
Korrikaren 16. edizioa apirilaren 4an pasatuko da gure bailaratik
AEK-k Korrikaren 16. edizioa aurkeztu du Bilbon hil honetan. Korrika bi urterik behin Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko lasterketa erraldoia da eta helburu bi ditu: alde batetik, gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea, eta bestetik, gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. 2009ko martxoaren 26an Tuteratik irten eta 11 egunean Euskal Herria zeharkatuko du, apirilaren 5ean Gasteizera ailegatu arte. Txorierrira Erandiotik sartuko da apirilaren 4an eta handik Erletxerantz abiatuko da. Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira lelopean 2.000 kilometro baino gehiago egingo dute lasterkariek euskararen alde. “Herrira, etxera... datozen lagunei egiten diegun bezala, ongi etorri handi bat luzatu nahi diegu euskararen berreskurapenean lagundu behar duten erakunde guztiei, euskalgintzan dabiltzan guztiei, euskaltzale guztiei, euskaldunei eta euskaldundu nahi duten guztiei, bertokoei eta kanpotik datozenei”. Urtean zehar ehunaka mila familia etorri dira Euskal Herrira eta askok ahalegina egin dute euskara ikasi eta erabiltzen. Korrika 16ak familia horiek omenduko ditu. Era berean, omenaldia egingo zaie euskara galdu arren, hizkuntza berrikasi eta horren transmisioa ahalbidetu duten familiei. Beste alde batetik, AEK-k Korrika Laguntzailea kanpaina jarri du abian. Kanpainarekin bat egiten dutenek pina eta hainbat komertziotan beherapenak izateko txartela jasoko dituzte 12 euroren truke, besteak beste. Korrika laguntzailea izateko, Korrika laguntzaile bereizgarria dagoen lekuetara edo AEK euskaltegietara jo daiteke. Eskaria www.korrika.org webgunearen bidez ere egin daiteke.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).