Lehenengo 100 etxebizitza babestuak eman dira Deri

Aikor aldizkaria 2009ko urt. 12a, 16:11

Lander Aiarza Derioko alkateak Landabarri egoitza-sektoreko 100 etxebizitza babestu eman zituen joan den astean. Etxebizitzak Ganbe auzoan daude eta zozketa duela urte bi egin zuten. Jabeei urtarrilean eta martxoaren zehar emango zaizkie giltzak. Landabarri proiektuak 118.758 metro karratuko azalera du eta 693 etxebizitza edukiko ditu guztira. Haietako 322 etxebizitza kolektibo babestuak izango dira, eta 346, salmenta libreko etxebizitza kolektiboak. Era berean, 18 txalet atxiki eta 7 txalet familiabakar altxatuko dira. Aiarzak azaldu zuen bezala, gainontzeko etxebizitza babestuak aurten zozketatuko dira: 76, martxoan; eta 98, urtearen amaieran, hain zuzen ere. Horrezaz gainera, 20.000 metro karratuko espazio libreak hartuko ditu Landabarri sektoreak. Euren artean, harizti txiki bat berreskuratuko dela aipatzekoa da. Etxebizitzak Sukia eraikuntza-enpresak egin ditu. Isolamendu termiko eta akustiko bikoitza dute eta horri esker, %20ko aurrezte termikoa izango dute eta aireportuak sortzen duen zarata %25ean arindu egingo da. Eguzki-plaka termikoak ere jarri dituzte etxeko ura berotzeko.