Desanexioari buruzko argazki bilduma Derion

Aikor aldizkaria 2009ko urt. 30a, 15:14

Derio duela 25 urte desanexionatu zen Bilbotik eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Udalak azken hilabeteotan. Azkenengoa Sollube kalean jarritako karpa dugu. Horrek atzera begiratzeko aukera paregabea ematen digu, izan ere, bertan argazki bilduma ipini dute ikusgai. Karpa gaur inauguratu egin da eta aurkezpenean Lander Aiarza alkatea, Jon Ortega alkate ohia eta Juan Miguel Atxutegi Txorierriko Mankomunitatearen presidentea bildu dira, besteak beste. Duela 25 urteko irudiak eta gaur egungoak elkarren ondoan jarri dira. Era horretan, Deriok izandako aldaketa nabarmena ikusi ahal izango dute hara hurbiltzen diren guztiek. Gainera, karparen barruan 7 minututako bideoklipa ere emango da. Karpa igandera arte izango dugu zabalik. Geroago, herriko denda zein tabernek hartuko dute argazki bilduma. “Orain dela 25 urteko herritar kopuru bera dugu; beraz, aldaketa hirigintza aldetik gertatu da, batez ere”, esan du Aiarzak.