Olio erabilia biltzeko 25 edukiontzi jarriko dira Txorierrin

Aikor aldizkaria 2009ko ots. 17a, 11:35
Etxeko olio erabilia biltzeko sistema hobetuko da Txorierrin eta horretarako, 25 edukiontzi laranja baino gehiago jarriko dira martxotik aurrera gure herrietan. Biztanleek aukera izango dute eguneko edozein ordutan olioa edukiontzietara botatzeko, eta ez dute bilketa-egunari adi egon beharko. Olioa birziklatzeko, hura hozten utzi behar da, eta ontzi batean gorde. Ontzia plastikozkoa bada, hobe. Ondo itxita dagoela egiaztatu ondoren, edukiontzi laranjara bota behar da. Biztanleen jokabideak izugarrizko garrantzia du birziklatze-katean. Izan ere, olioa oso hondakin kutsagarria da, eta jaki egokia karraskarientzat. Era berean, hondakin-uren arazketa zailtzen du. Hala ere, olioa birziklatzen erraza den hondakina da eta hainbat erabilera ditu: biodiesela, esaterako. Hori ohikoak baino gutxiago kutsatzen duen erregaia da. Olio-bilketa 2006ko urtarrilean hasi zen Txorierrin. Bilketa hilabetean behin egiten zen garai hartan, eta aldez aurretik emandako ordutegi eta toki zehatzetan. Datuek itxaropenik onenak ere gainditu zituzten: 2006an 4.591 kg batu ziren; 2007an, 5.395 kg; eta 2008an, 4.860 kg. Sistema berri honekin bildutako hondakinaren kopuruak gora egitea espero da, eta ondorioz, ingurumena zaintzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).