Martxoaren 15ean, domekaz, Zuhaitz Eguna ospatuko dute Lezaman. Goizeko 11etan plazatik irten eta guardiaren etxeraino abiatuko dira. Bertatik hurbil dagoen lursail batean 450 zuhaitz landatuko dituzte: haritzak, lizarrak, astigarrak eta urkiak, besteak beste. Zuhaitzak landatu ostean Sasimartxo egingo dute, eta parte-hartzaile guztiei hamaiketakoa eskainiko zaie.
Beste alde batetik, zuhaitzen garrantziaren gaineko erakusketa egongo da umeei zuzenduta. Era berean, marrazki lehiaketa, trebetasun-jokoak, eskulanak, musika eta puzgarriak antolatuko dituzte. Marrazki lehiaketan parte hartzen duten umeei diploma bana banatuko zaie.
Ekitaldiak, Sondikan
Sondikoztarrek ere ospatuko dute Zuhaitz Eguna martxoaren 8an. Hitzordua goizeko 9:30etan izango dute Goronda Gane eskolako aparkalekuan, eta handik San Roke landara joango dira zuhaitzak landatzera. Jokoak eta hamaiketakoa egingo dituzte eta opariak ere banatuko dira. Izena ematea liburutegian egin behar da martxoaren 2tik 5era bitartean.