Ekaitzak kalte handiak sortu ditu Derion eta Loiun

Aikor aldizkaria 2009ko mar. 9a, 08:28

Ekaitza itzela izan zen eguenean: tximistek, trumoiek, txingorrak eta euriak gogor jo zuten Txorierri. Ekaitzak kalteak eragin zituen Loiun eta Derion. Haizeak etxe bateko teilatuaren zati bat eraman zuen Loiun. Teilek haizeak eraginik izan ez zuen teilatuaren beste zatiaren kontra jo eta zulo handia egin zuten. Momentu horretan ez zegoen inor eraikinaren azken pisuan eta ez zen zauriturik egon. Derion ere susto ederra hartu zuten. Tximista bat Santiagoko elizaren tximistorratzetik sartu eta elizaren kanpandorrea suntsitu egin zuen. Harriak teilatuaren gainean erori ziren eta kalte handiak sortu zituzten bertan zein elizatik hurbil zeuden autoetan. Era berean, kanpandorreko eskailerak lurrera jausi ziren, baina ez zen kalte handirik sortu elizaren barruan. Derion ere ez zen zauriturik egon. Herri bietan dabiltza kalteak baloratzen, konpontze lanei ekiteko. Beste alde batetik, itzalaldiak izan ziren Zamudion eta Lezaman, ekaitzaren eraginez.