Afizioa txapeldun!

Aikor aldizkaria 2009ko mai. 14a, 10:39

Athleticen jokalariak gogoz atera ziren zelaira eta Toquerok lehenengo minutuetan sartutako golak itxaropena handiagotu egin zuen. Baina Barçak garaiezina dela utzi zuen argi beste behin. Hogeita lau urte pasa dira Athletic Errege Koparen finalera heltzen ez zela, eta titulua lortzeko ilusioa handia baino handiagoa zen. Touré Yayá jokalari gorri-urdinak berdinketaren gola sartu zuenean pixkanaka-pixkanaka desagertzen joan zen ilusioa. Harrezkero Barçak agindu zuen zelaian. Gurdiolaren mutilak geldiezinak izan ziren eta joko ezin hobea erakutsi zuten. Lehoiek ahal izan zuten moduan pairatu zuten gol-kopurua: 1-4. Eta horren lekuko leialak Athleticen zaleak izan ziren. Mestallan bildu ziren 18.500 zaleak; eta Valentzia hartu zuten 35.000tik gora lagunak. Bilbon, Bizkaiko hainbat lekutan eta Txorierrin batu ziren milaka eta milaka zaleak. Bizkaiko eta gure bailarako tabernetan lotu ziren lagun-koadrilak. Etxetik taldea animatu zutenak eta kaleak zuri-gorriz tindatu zituztenak. Mestallako harmailetatik taldea babestu zutenak eta jokalariei adorea momentu guztietan eman zietenak; partida amaitu ostean ere bai. Irabazleei zorionak eman zizkietenak eta Barçako jokalariek txalotu zituztenak. Izan ere, munduko afiziorik onena direla erakutsi dute berriro ere. Guretzat, eurak dira txapeldunak.