Azken zazpi urteotan Uzta Eguna ospatu dute Lezaman. Azoka urrian izaten zen, baina txakolingileek Udalari azaldu dioten bezala, urrian mahatsa biltzeko sasoia hasten da eta ondorioz, ekoizpen gutxi dute. Ekainean askoz txakolin gehiago dute eta hori dela-eta, hitzordua dataz aldatzeko eskatu dute. Udalak eskaera onartu eta ekainaren 14an Txakolinaren Eguna egingo dute lehenengo aldiz. Uzta Egunaren ordez, azoka hori egingo da hemendik aurrera.
Txakolinaren Eguna Nekalurrek eta Lezamako Udalak antolatu dute, eta helburu hauek ditu: Txorierriko eta Lezamako txakolina dastatzea bertoko produktuak erakustea eta nekazaritza munduarekin lotura duten produktuen salmenta sustatzea. Horrela, bada, Txorierriko bederatzi txakolingileek hartuko dute parte azokan: Aiarza, Aitabitxi, Basalbeiti, Erdikoetxe, Magalarte eta Garkalde, Lezamakoak; Sasikoetxe eta Sasines, Larrabetzukoak; eta Arkotxes, Zamudiokoa. Era berean, beste produktu batzuk izango dira ikusgai: baserriko ogia, euskal pastela, eztia, fruta eta barazkiak, tartean. Herriko zenbait elkartek ere lekua edukiko dute azokan, eta tailerrak antolatuko dira. Orotara, 40 saltoki jarriko dituzte.
Egitaraua
10:00: Azokaren hasiera
12:00: Umeentzako jokoak, puzgarriak eta tailerrak
12:15: Ekitaldi nagusia, eszenatokian:
Aurkezlea: Bizkaia Irratiko Kepa Uriarte
Bertsolariak: Angel Mari Peñagarikano eta Etxahun Lekue
Azokaren deskripzioa
Txakolin-posturik ikusgarrienei saria ematea: 200 €; 150 € eta 100 €
15:00: Azokaren amaiera