Berasategi, Espainiako txapelduna

Aikor aldizkaria 2009ko uzt. 17a, 10:27

Virginia Berasategik distantzia luzeko Espainiako triatloi txapelketa irabazi zuen uztailaren 12an. Saioa Gasteizen egin zen, eta Berasategi arazo barik nagusitu zen hiru zatietan: lau kilometro igerian, 120 bizikletan eta 30 korrika. Ibilbide berbera izango du datorren urteko Europako Txapelketak. Parte-hartzaileek lau kilometro egin behar izan zituzten igerian, Landako Parke Probintzialeko urtegian. Bilbotarra ederto aritu zen, eta lehenengo postuan atera zen uretatik, 57 minutu eta 16 segundo pasa eta gero. Bere atzean Eva Novakova txekiarra eta Laura Díaz zaragozarra ibili ziren. Hala ere, bigarren saioan argi eta garbi gelditu zen Berasategik txapelketa irabaziko zuela, bizikletaz alde nabarmena lortu baitzuen. Ehun eta hogei kilometro egin ondoren, 30 kilometrotan ekin zion korrikari, eta azkenean lehenengo postuan sartu zen helmugan. Helena Herrero eta Estefanía Gómez bigarren eta hirugarren gelditu ziren, hurrenez hurren. Garaipenari esker, abuztuan Pragan egingo den Europako Txapelketarako txartela lortu egin du. Bertan “ondo ibiltzea” espero du Virginiak. Triatletak 34 urte ditu, eta Munduko Txapelduna izan zen Eivissan 2003. urtean.