Sindikatu abertzaleek baldintza kaskarrei eta inst

Aikor aldizkaria 2009ko ira. 29a, 12:02

Joan den astean kultura etxearen eraikitze lanetan zebilen langile bat hil zen Derion, lan istripuan. ELA eta LAB sindikatuek kontzentrazioa egin zuten Udaletxeko Plazan, langilearen heriotza salatzeko. Sindikatuek gogoratu zuten moduan, Deriokoa urte hasieratik hona Hego Euskal Herrian egon den 54. hildakoa izan da; 17. eraikuntzaren sektorean. Sindikatuen arabera, “hau da lan merkatuan dauden baldintza kaskar, azpikontratatze eta segurtasun faltaren ondorio handia, eta erakundeek duten pasibotasunaren adierazlea”. Instituzioei arduratsuak izateko eskatu zieten, eta neurriak hartzeko lan baldintza txarren aurka. Hildakoa azpikontratatutako langilea zen.“Instituzioek obra publikoak sustatzen dituztenean, derrigorrez obrako langile guztiei dagokien hitzarmena aplikatzen zaiela esleipenetan jasotzeko eskatzen dugu ELA sindikatutik”, adierazi zuen Deiane Arrieta eskualdeko arduradunak. “ Era berean, obrari hasieratik jarraipena egitea ezinbestekotzat jotzen dugu, segurtasun neurriak betetzen direla berma dezaten”. Beste alde batetik, Alberto Gabitu LABeko eraikuntza arloko eskualdeko arduradunak azaldu zuen moduan, hildakoa atzerritarra zen eta obra bertan egiten zuen lo, txabola batean. “Hori kontuan hartzeko beste adierazle bat da; prekarietaterik gordinena. Hau da, atzerritarra izatea, azpikontratatua eta baldintza txarrean bizi izaten, gainera”.