Zamudioztarrak Koadrila Egunaren II. edizioan bildu dira zapatuan. Guztira, 250 lagunek hartu zuten parte ekitaldietan, iaz baino 90 herritar gehiago. Ekimenak zamudioztarren arteko harremanak lantzea du helburu. “Herri txikia da Zamudio eta batzuetan elkar agurtu baino ez dugu egiten. Koadrila Egunaren bidez, gure harremanak hobeak izatea nahi duguâ€.
Herritar talde batek bultzatu zuen ekimena iaz, eta aurten nobedade bat egon da: irailean frontenis txapelketa antolatu zen eta finala Koadrila Egunean bertan jokatu zuten. Kirola egin ondoren, txupinazoa bota eta poteoari ekin zioten. Geroago, bazkaltzeko ordua etorri zen, eta bapo jan eta gero, herri kiroletan aritu ziren. Jardunaldia borobiltzeko, herriko tabernetatik poteo egin zen arratsaldean fanfarreak girotuta. Gautxoriek Derioko jaietan amaitu zuten eguna.
Antolatzaileak pozik agertu dira ekitaldian gero eta jende gehiago batzen delako, eta guztiek primeran pasatzen dutelako. “Etorri ez diren batzuek esan digute datorren urtean ziur etorriko direlaâ€. Era berean, 2010. urteko Koadrila Egunean parte hartzeko gonbidapena luzatu diete zamudioztar guztiei. Beste alde batetik, tabernariei eman dizkiete eskerrak emandako diru-laguntzarengatik.