Orotara 40 saltoki imini ebezan eta, besteak beste, produktu honeek egon ziran salgai: txakolina, gaztaia, kontserbak, euskal pastela eta barazkiak. Ekintzarik arrakastatsuena piperren dastatzea izan zan. Argazkiak: Jon Rozadilla
Urriko lehenengo domekan Uzta Eguna antolatzen eben Lezaman. Baina txakolin-egileek hitzordua ekainera aurreratzeko eskatu eutsien Udalari, txakolin-uzta hil horretan urrian baino askoz handiagoa eta hobea da-ta.
Uzta Egunak itxi dauan hutsunea betetzeko, Nekazaritza Azoka ospatu eben lehenengo aldiz Lezaman, urriaren 4an. Bertan lagun asko batu ziran, eta giro ezin hobea egon zan. Halanda be, egun ederra irten arren, jentea ez zan eguerdira arte animatu azokara hurbiltzera.
Hilario Astorki plaza obretan dago eta postuak horregaitik imini behar izan ziran inguruko kaleetan. Lekualdatzeak emoitza positiboa euki eban, jentea leku batetik bestera ibili zalako eta postu guztiak bisitatzeko aukerea izan ebalako. Horrezaz ganera, askotan saltoki batzuen inguruan sortzen den jente-pilaketa saihestu be egin zan.
Orotara 40 postu imini ebezan azokan eta, besteak beste, produktu honeek egon ziran salgai: txakolina, sagardoa, frutak, gaztaia, txokolatea, emú-okela, kontserbak, ogia, euskal pastela eta barazkiak. Nekazaritza ekologikoaren produktuak be izan ziran, eta saltoki batzuetan talo txorizoagaz, bokatak eta pintxoak saldu ziran. Baina ekimenik arrakastatsuena piperren dastatzea izan zan. Euro baten truke dozena bat piper prijitu emoten eben antolatzaileek, eta aipatu behar da dozena asko eta asko saldu zirala.
Helburu bikotxa
Bertoko animaliek be lekua euki eben Nekazaritza Azokan: poniak, antzarak, astoak, ardiak eta bildotsak, batzuk aitatzearren. Umeei zuzendutako tailerrak antolatu ziran eta herriko alkarte batzuek postua imini eben, euren jarduerea bisitariei ezagutzera emoteko.
Lezamako I. Nekazaritza Azokak helburu bikotxa izan dau: alde batetik, nekazaritzako produktuak herritarrei hurbiltzea; eta bestetik, horreen salmentea sustatzea.