Hildako bat eta hiru zauritu izan dira Lezaman ger

Aikor aldizkaria 2009ko urr. 9a, 13:00

Atzo arratsaldean tren istripua izan zen Lezaman. Euskotreneko konboiak kolpe bortitza hartu zuen trena gelditzeko topearen kontra. Gidaria hil zen istripuan eta hiru zauritu izan ziren. Ixone tren geltokiaren ondoan bizi da eta arratsaldeko 4:25ean oso zarata handia entzun zuen. Kalera jaitsi eta istripua gertatu zela ikusi zuen. “Jendea oso urduri zegoen, ikaratuta. Trenaren lehenengo bagoia erabat hondatuta zegoen eta nahasmena nagusi zen”. Nasan sei lagun zeuden trenaren zain. “Trena bihurgunea hartu zuenean, abiadura handiz zetorrela ikusi genuen, eta talka oso arin gertatu zen”, esan digu Gotzon Barandiaranek. “SOS deiak zerbitzura deitu eta Ertzaintza, anbulantziak eta suhiltzaileak handik gutxira etorri ziren. Mutil batek ateari ostikada eman eta bigarren bagoitik atera zen. Lehenengo bagoian emakume bi zeuden. Batak zauri arinak zituen eta oso urduri zegoen; bestea, eserlekuen artean zegoen etzanda. Laguntzera joan ginen eta zerbitzu sanitarioak-eta etorri zirenean, alde egin behar izan genuen”. Bat-bateko mugimendua David Hormaza lezamarrak arratsaldeko lauetako trena hartu zuen Bilbon. Bidaian zehar ez zen ohiz kanpoko gauzarik gertatu, eta Kurtzeko geltokian hiru bidaiari jaitsi ziren trenetik. Athleticeko instalazioen parean zeudela trenak bat-bateko mugimendua egin eta gero eta abiadura handiagoa joan zen hartzen. “Lezama iragartzen duen horma-irudiaren paretik pasatu ginenean, trena ez zela geldituko konturatu nintzen. Eserlekuen artean uzkurtu nintzen... eta hiru kolpe entzun nituen. Altxatu nintzen eta ondo nengoela ikusi nuen”. Leihoetako kristalak eserlekuen gainera eta zorura erori ziren eta irteteko ateak okertuta zeuden. “Ostikadaka hasi nintzen atearekin eta handik ateratzea lortu nuen. Aurreko bagoian zegoen neska bat joan ginen laguntzera, eta lurrean beste emakume bat zegoela ikusi nuen, odolez beteta”. David eta neska Galdakaoko ospitalera eraman zituzten eta dagoeneko jaso dute alta. Davidi lepokoa jarri diote, eta gorputza minbera du. Emakumea, berriz, larri dago eta Gurutzetako ospitalean jarraitzen du. Trenak geltokiaren bost metro altuerako topearen kontra jo egin zuen eta ondorioz, lehenengo bagoia erabat suntsituta gelditu zen. Gidaria kabinan zegoen harrapatuta eta suhiltzaileek lau ordu eman zituzten gorpua handik ateratzeko. Edukiera handiko garabia ekarri behar izan zuten lanei ekin ahal izateko. Konboia gaueko 11:30ak inguru atera zuten trenbidetik. Euskotrenek ikerketa zabaldu du, istripuaren arrazoiak argitzeko. Dolu egunera deitu dute gaurko eta elkarretaratzeak egin dituzte. Sondika eta Lezama arteko zerbitzua eten egin dute.