Joan den ostegunean Lezamako izandako tren istripuan hiru zauritu izan ziren, eta gidaria hil egin zen. Zauritu bi Galdakaoko ospitalera eraman zituzten eta alta egunean bertan eman zieten. Bestea Zamudioko emakume bat zen eta jakinarazi zutenaren arabera, zauri larriak zituen. Emakumea Gurutzetako ospitaleko Bizkortzerako Unitatera eraman zuten, garezur-entzefaloko eta aurpegiko traumatismoa zuela. Parte medikoan esan bezala, emakumeak onera egin du eta solairura eraman dute.
Euskotrenek ikerketa zabaldu du istripuaren arrazoiak argitzeko eta datozen egunetan ikerketaren emaitzak jakinaraziko dira. Lezamako Udalak idazki bat agindu die Euskotreneko arduradunei, istripuaren arrazoiak ezagutu bezain laster eurei jakinarazteko. Oraindik ez dute informazio ofizialik jaso. “Zuhurrak izan behar gara eta ikerketak zer esaten duen itxaron beharko dugu. Hala ere, ikerketaren emaitza edozein izanda ere, argi dago neurriak hartu behar direla istripurik berriro ez gertatzekoâ€. esan du Alaitz Etxeandia alkateak.
Beste alde batetik, Euskotreneko langileek dolu egunera deitu eta lanuztea egin zuten barikuan. Ondorioz, milaka erabiltzaileak lotu ziren zerbitzu barik. Euskotrenek egun horretan egin ezin izan zituzten bidaien txartelen dirua itzuliko die bezeroei. Erabiltzaileek bide hauek dituzte erreklamazioak egiteko eta informazioa eskuratzeko:
- Bilboko (Atxuri), Donostiako (Amara) eta Gasteizko Bezeroen Arretarako Bulegoetan dauden erreklamazio orrien bidez, eta tren lineetan langileak dauden geltokietan eta autobusetan galdetuz.
- www.euskotren.es eta www.euskotran.es webguneetan.
- 902 543 210 informazio zenbakian.
- attcliente@euskotren.es helbidean.