Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, Txorierrin bizi diren etorkinak gure hizkuntza eta kulturara apurka-apurka hurbildu nahi ditu , eta horretarako etorkinentzako bereziki prestatuta dagoen AISA ikastaroa bultzatu nahi izan du.
Orotara 657 gutun bidali ditu Txorierrin erroldatuta dauden eta 16 urtetik gora duten etorkinen etxeetara, ikastaroaren berri emateko asmoz. Gutunok arabieraz, frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz bidali dira, Txorierriko etorkin gehienek hizkuntza horietako bat ulertzen baitute.
Ikastaroa 60 ordukoa da eta 10 euro baino ez du balio. Gainera, klaseen %80ra joaten badira, dirua itzuli eta diploma bat emango zaie. Ikastaroan izena emateko epea abenduaren 11ra arte zabaldu da, eta dagoeneko 13 lagunek eman dute izena.